miércoles, 13 de octubre de 2010

4.EKARPENA


Heziketa Fisikoko saioetan teknologia berrien erabilpena nahiko zaila iruditzen zitzaigun, baina power point hau aztertu eta ikusi eta gero, etorkizunean irakasle garenean, teknologia berri hauek saioetan nola erabili jakin ahal izan dugu. Modu honetan, ikasleen motibazioa eta ariketak egiteko gogoa indartuko lirateke, ariketa fisikoa egitea gustatzen ez zaien ikasleak ere parte hartuko zutelarik. 

http://www.slideshare.net/normale/santiagosesma-presentation

 Teknologia egunerokotasunean erabiltzen dugun tresna bihurtu da urte gutxiren buruan. Nork pentsa zezakeen orain dela ez urte asko, eskolako geletan ordenagailuak egongo zirenik? Ikasleek ikaskuntza ordenagailuen bidez burutuko zutenik? Hezkuntza “teknologizatuko” zenik?
Egia esan, orain arte pentsaezina zen ideia hori, baina gizarteak apustu zuzena egin du teknologiaren alde. Hori dela eta, garapen ikaragarria izan du eta izaten ari da, gogoan izan behar baita gaur modernoa dena, hilabete baten buruan jada zaharkitua dela. Gauzak horrela, beraz, etengabe garatzen ari den prozesua dela esan dezakegu, esperientziaren ondorioz hobetuz doalarik. 
Eskoletan antzeko zerbait gertatu dela esan dezakegu, izan ere, ordenagailuak ez ohiko esparruetara zabaldu dira. Lehenago aipatu dugu, hainbat irakasgai ordenagailuen bidez lantzen hasi direla, irakasgai horien artean heziketa Fisikoa dagoelarik.
Orain arte, irakasgai hau ez da teknologiari lotua egon, eta ziur aski batek baino gehiagok ez dio zentzurik ikusten saio hauetan teknologia erabiltzeari. Dena den, uste dutena baino garrantzi handiagoa du. Azken urteetan, kirolean, teknologia goi mailako kirolariekin erabiltzen zen, hauen errendimendua hobetzeko asmoz. Gainera, mota honetako teknologia nahiko garestia zen eta teknologia horri ahalik eta etekin gehiena ateratzeko, beharrezkoa izaten zen teknologia hori menperatzea.
Gaur egun ere, beharrezkoa da teknologia hau menperatzea, baina azken urteetan gizartean teknologia ugari erabili denez eta erabiltzen denez, honelako tresnak erabiltzeko jakituria eskuratu da. Horrez gain, eskuragarritasun maila handiagoa dago eta kirola praktikatzen duten pertsonekiko interesa piztu du. Izan ere, euren errendimendua hobetzeko tresna bikaina dute eskura, egun goi mailako kirolariek erabiltzen duten teknologia bera. Gauzak horrela, gauzak asko aldatu dira urte batzuen buruan, izan ere, lehen profesionalen esku zegoena, orain denen eskura dago. Hori, euren denbora librean kirola egiten duten pertsonentzat motibazio gehigarria da.
Hasieran aipatu dugu, egun gizarte honetako pertsona gehienek teknologia mota hau erabiltzen badakitela. Dena den, teknologia horri erabilpen zuzena nola eman erakutsi beharra dago. Horretarako, garrantzitsua da oso hezkuntza hori eskoletan ematen hastea, nahiz eta urte batzuen poderioz teknologia hori zaharkitua geratu. Hala ere, horrek ez dio axola, izan ere, eskoletan gai honekiko interesa pizten bada, ondoren ikasleek euren kabuz jarraituko dute gai hau lantzen.
Gauzak horrela, Lasarte-Oriako Landaberri institutuak Teknologia Berriak erabiltzeari ekin dio Heziketa Fisikoko saioetan. Euren asmoa teknologia bidez, ikasleak motibatzea eta prestakuntza ematea da. Horrez gain, irakasleek, ikasleen maila fisikoa zein den jakin dezakete, hau da, proba batzuk eginaz, ikasle horrek duen errendimendua jakin dezake irakasleak. Hau oso baliagarria zaio irakasleari saioak prestatzerako orduan, izan ere, erabili beharreko intentsitate maila mugatzen laguntzen dio. Horrez gain, ikaslearen ebaluazioa egiteko ere oso baliagarria zaio irakasleari.
Saioari dagokionez, kirol bateko hainbat jaurtiketa edo arau azaltzeko oso aproposa da ordenagailua, kirolari profesionalen bideoak eta irudiak jar daitezke eta. Horrez gain, saioan musika erabili daiteke ikasleak motibatzeko, honek euren jarreran eta errendimenduan eragingo duelarik. Horrez gain, ikasleek eurek euren autoebaluaketa egin dezakete, izan ere, Excell-eko programa baten bidez, ikasleek euren emaitzak sartu eta ordenagailuak 0-tik 10-era puntuazioa ematen die, ikasleen ahalmena kontuan izanik. Honela, ikaslearen garapena ikus dezakegu saioak aurrera doazen neurrian.
Erabilgarria izan litekeen beste aspektu bat, argazki kamera edo bideoa litzateke. Modu honetan, esaterako luzera jauzia egiteko, pausuak nola egin dituzten eta nola egin zitzaketen ikusi dezakete. Ondoren, hori behatuz egindako akatsa hobetzeko. Horrez gain, ikasleren bat lesionaturik balego, ikasle horrek aterako lituzke argazkiak eta beraz, ikasle horrek zeregina edukiko luke, gelako partaide sentituko litzateke.
Gainera, moodle plataformaren bitartez, informazio gehigarria txertatu dezakegu, hau ikasleentzat interesgarria izango delarik. Izan ere, modu honetan saioan lantzen ez diren gaien inguruko informazioa publikatu daiteke, ondoren sarean hori eztabaidatzeko. Honela, ikasleek azken egunetako berriak jakingo dituzte eta eztabaidatzeko gaitasuna garatuko dute.
Gauzak horrela, Heziketa Fisikoko saioetan teknologia erabiltzea onuragarria da. Landaberri institutuan behintzat oso gustura daude lortutako emaitzekin, izan ere, ikasleek interesa erakutsi dute. Interes hau ona dela kontuan izan beharra dago, modu honetan etorkizunean teknologia hauek erabiliko dituztelako eta egun dagoen gazteen gizentasunarekin amaitzeko bidea izan daitekeelako. Ezin baitugu ahaztu, azken hamarkada honetan, sedentarismoa dagoela gazteen artean eta ehuneko kopuru kezkagarri bat gizena dela. Modu honetan, pertsona horien interesa bereganatu dezakegu ariketa fisikoa egiteko eta arazoarekin amaitzeko.  

3.EKARPENA

ESKOLA PORROTA ETA MOTIBAZIOA

Gaztetxoen eta gazteen kexetako bat eskolara gogo gutxirekin joateko, motibazio falta izan ohi da, eskolan ematen diren gaiak interesgarriak ez direla behin eta berriz errepikatuz. Bideo honetan, motibazioaren inguruan mintzatzen da, zehatzago esanda ikasleak anitzak direla indartzen da eta egungo hezkuntzak horien eskariei ezin diela erantzuna eman.


http://www.youtube.com/watch?v=7-iSAjUQ4DY&feature=player_embedded

Ikasleen motibazioa dute aipagai lehenik eta behin, gure ustez hau delarik ondo jorratu beharreko gaietako bat. Ikasleek, ikasten ari direnak zerbaitetako balio dietela ikusi eta jakin behar dute, irakasleari zertarako balio duen galdetu eta honek ez dakit edo astronauta izan nahi baduzu beharko duzu erantzuten badio, ikasle horrek ez du inongo motibaziorik izango gai horretan, interesik ez duelako izango. Hauen motibazioa lortzeko, benetan beharrezkoak diren gaiak aukeratu behar dira, noski beti izango dira derrigorrezko batzuk, baina beste asko alferrik erakusten dira. Horrez gain, saioak ematea alde batera utzi eta saioak zuzendu egin behar dira eta beraien laguntzaile izan behar da, lana beraiei eginaraziz eta ez soilik entzutera behartu. Honetarako, metodologia aldaketa handia egin behar da, baina guztion artean lor dezakegu. Besteak beste, teknologi berriak erabil ditzakegu horretarako, frogatua baitago, teknologi berrien erabilpenarekin beraien motibazioak goruntz egiten duela eta hau erabili beharrean gara aurrerantzean, ikasleen benetako ikaskuntza landu nahi badugu. Gakoa, hauen erabilpen egokia nola lortu izango da, ikasleengandik nahi ditugun emaitzak lortu ahal izateko, baina horrek ez gaitu kikildu behar.

Bestalde, ikasleak ebaluatzeko irakasleek duten erraztasuna aipatzen dute eta egia da bakoitzaren egoera pertsonala askotan ez dela kontuan hartzen, baina azterketa batean ezin da kontuan hartu, jakina ez bada, ikasle horrek ezintasunen bat duela. Ezintasun horren berri irakasleak ez badu, ikasle bakoitzari eskaera maila ezberdina egitea, kurtsoa edo zikloa pasa ahal izateko nahikoa den bitartean behintzat egokia dela deritzogu eta are gehiago, egin beharrekoa hori dela uste dut, azken finean, bakoitzak bizi duen egoera oso ezberdina da eta bakoitzaren erraztasunak eta zailtasunak ere ezberdinak dira, eta hori kontuan hartu beharko litzateke.

Bukatzeko, gurasoek irakasleekiko duten ikuspegia aipatzen dute eta askotan irakaslea etsai bezala ikusten dutela aipatzen dute eta ez direla konturatzen proiektu komun batean daudela. Gure ustez askotan gertatzen da hau, baina gaur egun gertatzen hasi den zerbait da. Gaur egun, gurasoen jarrera oso babeskorra da beraien seme-alabekiko eta irakasleak erretolika botatzen badie edo zigortzen badu, guraso askoren jarrera irakasleari azalpenak eskatzea izaten da. Horrek garbi uzten du irakaslearekiko duten errespetu falta, beren hitza eta profesionaltasuna dudan jartzen dituztelarik. Hau ez da inondik inora ere onargarria eta alde horretatik gurasoen kontzientziazio falta nabarmentzen da, eskolarekin bat lanean aritzeko eta soilik eskolaren esku ez uzteko ikasleen hezkuntza, azkenean, beraien seme-alabak baitira.

Besterik gabe, hau da bideo honetan azaltzen diren iruzkin batzuei buruz dugun ikuspuntua.

martes, 12 de octubre de 2010

2.EKARPENA

Teknologiak pertsonei eginiko kaltea

Teknologiak onurak dituela entzun ohi dugu beti, baina zenbait kasutan arazoak ere sortzen ditu, pertsona batzuk teknologiarekiko atxikimendua izatera heltzen direlarik. Hori dela eta, gutxitan entzuten den kasu hauen berri emateko, artikulu hau aukeratu dugu, jarraian gure iritzia emanaz:


Orain arte, teknologian inbertsio handiak egin dira, etorkizunean tresna guztiak teknologikoak izango direnaren ustea dela eta. Egia esan, egun ideia hori nabarmentzen da, baina oraindik etorkizuna igartzeko gaitasunik edo modurik ez dugunez, nekez jakin dezakegu etorkizuneko berririk. Dena den, egunak egun teknologia bitarteko garrantzitsu eta beharrezkoa bihurtu da gure eguneroko bizitzan, gizakiaren bizitza zentzu askotan erraztu duelarik eta honen erosotasuna hobetu duelarik.

            Hala eta guztiz ere, teknologiaren erabilera okerrak gizakiarengan eragin oso negatiboak izan ditzake. Askotan, komunikabide eta beste hainbat iturrik, teknologiaren alde onak bakarrik argitaratzen zituzten, baina gaur egun, teknologiak dituen alde negatiboen berri ere ematen da jakitera, izan ere, bizi garen gizartearen arazoetako bat bihurtu da.

            Gauza guztiak bezala, zentzuz eta neurriz erabili behar da teknologia, ala erabili ezean teknologiarekiko dependentzia sortzen baita, hau da, gizakiak bizitzeko elikadura eta ura behar duen bezala, teknologia ere beharrezko zaku horretan sartzen du. Gauzak horrela, beraz, teknologia tentu handiz erabili behar den instrumentua da, izan ere, azken urteetan, teknologiarik gabe bizi ezin duten pertsonak agertu dira, honek, euren jokabidean eragiten dielarik eta arazoaren funtsa non dagoen ez dakitelarik.

            Beti edo ia beti, familia izan ohi da pertsona horren arazoaz jabetzen dena, baina askotan ez dakite non dagoen arazo horren jatorria. Izan ere, artikuluan dioen bezala, pertsonen jokabidean eragiten du zuzenean, gelatik atera nahi ez izatea, familiarekin tratu gutxi nahi izatea, antsietatea, eskola porrota eta zenbait kasutan indarkeria erabiltzea. Hauek izan ohi dira nagusiki arazo hau duten pertsonen sintoma nagusiak, baina gizartearentzat arazo ez direnez, hau da, deliturik egiten ez dutenez eta gizartearentzat arazo izan litezkeen jokabide txarrik egiten ez dutenez, ez da alarma sozialik sortzen.

            Arazo hau duten gehienak edo denak gazteak direnez, zer pentsatu ugari ematen du familiaren inguruan. Izan ere, familiak ez al dira ohartzen euren seme-alabek denbora ugari ematen dutela teknologiekin? Zer dela eta ez die mugarik jartzen gehiegikeriak kaltegarriak direla jakinda? Ez die axola euren seme-alaben hezkuntzak ala? Edota erosoa da teknologiak umezain lanak egitea gurasoak beste zerbait egiten duten bitartean?

            Argi dago errua inplikaturik dauden pertsona guztiena dela, izan ere, mundu honetan norberak jakin behar du non dauden mugak eta muga hori igaroz gero zer gertatzen den. Hala ere, batzuetan edo askotan norbera ez da jabetzen mugatik gertu dagoela, eta hor familiaren laguntza funtsezkoa da pertsona horri oinak lurrean jartzeko.

            Tamalez, batzuetan berandu izaten da eta laguntza profesionala beharrezkoa izan ohi da. Azken urteetan agertu diren kasuen ondorioz, teknologiaren gehiegizko erabilera duten pertsonak sendatzeko programak sortu dira. Horien artean “Proyecto Hombre” izeneko zentroak daude eta bertan arazo bera duten pertsonekin, era kolektiboan arazoari amaiera ematen diote profesionalen laguntzarekin.

            Mota honetako zentroetara etortzen diren pertsonen %5ak bakarrik onartzen du arazo bat duela. Gauzak horrela, asko eta asko ez dira kontziente duten arazoaz, dena kontrolpean dutela uste dute, baina ez da horrela. Ez dute ulertzen edota ulertu nahi teknologiak eragin egiten diela, berau gabe ezin bizi izatera iritsi arte.

Gauzak horrela, teknologiak zenbait arazo sortu ditu gazteengan. Hau dela eta, hainbat kanpaina egin dira estatuan, gazteei eta hauen gurasoei zuzenduak, kontzientzia daitezen teknologia ona dela baina neurriz erabili behar dela, hau da, erabilera egokia egin behar dela.

Esperientzia pertsonalean oinarrituz, aitortu beharra dut ez naizela teknologiarekin gehiegikeriak egiten dituen horietakoa. Dena den, nire lagun eta gelakideen artean ni baino “teknologizatuagoak” daudela ohartu naiz, denbora oro mugikorra eskuartean dutela loteria tokatu zaien berria noiz iritsiko zain edo. Horrez gain, bada beste adibide garbi bat teknologiak eta batez ere internet-ek gazteengan izan duen eraginaz jabetzeko.

Unibertsitatean, liburutegietan eta ordenagailu publikoak dauden tokietan, hainbat gazte ordenagailuan nabigatzen ibiltzen dira. Zu zeu ordenagailuak dauden azken ilaran eseri eta has zaitez kontatzen ea zenbat pertsona dauden sare sozialetan. Gainera, pertsona asko eta asko, soilik sare sozialetan ibiltzeko etortzen dira, hau da, pertsona batzuk ordenagailu gelara sartu eta 15 minuturen buruan irten egiten dira euren beharra eginda. Honek argi erakusten du, dependentzia dutela ordenagailuekiko, denbora libreko minutu gutxi horietan teknologia honetan pentsatzen dutelarik.

Ziur aski, aipatu dudan egoera hau ez da lehenago aipatu dugun puntu larrira iristen, baina puntu horretara iristeko dagoen bidean lehen pausua emana dutela uste dut. Izan ere, denbora pasa izan beharko litzatekeena, behar bat bilakatu da, bizitzan ditugun beste edozein behar garrantzitsuak bezalaxe. Honen ondorioz, behar garrantzitsuagoak direnak alde batean geratzen dira.

Teknologia inoiz egin den asmakizunik hoberena izango da ziur, baina asmakizunik hoberena izaten jarrai dezan, ez dezagun galdu horrenbeste maite dugun hori gehiegi maitatzeagatik, gehiegikeriak ez baitira gizakiarentzat eginak.

lunes, 11 de octubre de 2010

1.EKARPENA


Jarraian bideo honen inguruan mintzatuko gara, izan ere, bertan urteen ondorioz hezkuntzan eman den aldaketa sakona oso ondo azaltzen da modu sinple baina eraginkor batean. Horrez gain, bertan agertzen den esaldi batek ere arreta eragin digu: “Oso ona da ume abtek liburua izatea eskuartean, baina mundua edukitzea hobeto da”.


http://www.youtube.com/watch?v=jaAr06NNwbI&feature=player_embedded

           Orain dela milioika urte, Lurra izeneko gure planetan gizakiak bizi ziren. Garai hartan baina, gizakiek ezin zezaketen euren jakin mina ase, ez zuten eta gaitasunik zituzten baliabide eskasak aprobetxatzeko eta erabiltzeko. Urteak aurrera joan ahala baina, gizakia esperientzia hartzen joan da, eta esperientzia hori baliagarria izan zaio bere asetasunak asetzeko eta erronka berriei aurre egiteko, gizakiaren jakin minak ez baitu mugarik.. 

Gauzak horrela, munduak hainbat eta hainbat baliabide jarri zituen gizakiaren eskura, besteak beste,  ura, janaria, eguzkia, zuhaitzak, harriak, petrolioa, ikatza, oxigenoa, haizea, energia organikoa, animaliak…Baliabide horiei esker, gizakiak hainbat eta hainbat aurrerapauso eman zituen bizirauteko eta bizitza kalitatea hobetzeko, baina gizakiak, bereganatutako lorpenak oinarrian harturik, hobekuntza prozesuarekin aurrera jarraitu zuen egun arte.

Prozesu horretan, aurrerapauso harrigarriak eta bikainak eman dira, baina kasu batzuetan ez dira hobekuntza horren ondorio negatiboak kontuan hartu, kaltea konponezina izatera heldu arte: petrolioaren gehiegizko ustiapena eta honek sortutako kutsadura, ezin desagertu daitekeen plastikoa, altzairuak eta papera egiteko erabiltzen den egurraren ondorioz sortutako deforestazioa, energia sortzeko erabiltzen diren energia nuklearrek sortutako kontaminazioa…

Honen ondorioz, hau da, gauza berriek izan ditzaketen eragin negatiboak direla eta, gizakiak mesfidantza erakusten du edozein egoera berriren aurrean. Hezkuntzaren inguruan gauza bera gertatzen dela esan genezake, izan ere, orain arte erabili den modu tradizionalaren amaiera iritsi dela dirudi, honek teknologia berriei ateak ireki dizkielarik.

Tradizionalki, ikasleak gelara sartu eta irakasle baten azalpenak entzun behar izaten zituzten, eurak mahai gainean liburua zuten bitartean. Ondoren, irakasgaia gainditzeko liburua buruz ikasi behar izaten zen irakasgaia menperatzen zenuela erakusteko. Eredu honen bitartez, eskola porrota ugari izaten zen, izan ere, irakasgaia lantzeko moduak ikasleek izan zitzaketen interes guztiak apurtzen zituen.

Urteak beranduago, klaseak emateko modua apur bat aldatu zen, izan ere, ikasleek protagonismo handiagoa eskuratu zuten irakasgaietan. Dena den, irakasgaia lantzeko erabiltzen zen sistema oso antzekoa zen aurrekoarekin alderatuz gero, izan ere, irakasleak liburuan jartzen zuena azaltzen zuen eta ondoren, ikasleek hori ikasi beharra izaten zuten azterketa gainditzeko. Horrez gain, hizkuntzek ere garrantzi handia hartu zuten eta batez ere Ingelera sakonki ikasten zen. Modu honetan ere, eskola porrota nabaria zen. Hauxe da, batez ere, azken urteetan erabili den modua.

Egun proposatzen den hezkuntza modua berriz, teknologian oinarriturik dago, zehatzago esanda ordenagailuetan. Kontuan izan behar da, egungo gazteria eta gizartea teknologia berrietan oso abila dela eta berarekiko interes handia erakusten duela. Gauzak horrela, zergatik ez erabili teknologia berriak ikasgeletan? Etorkizuna teknologiari loturik baldin badago, zer dela eta ez diegu eskaini behar ikasleei teknologiarekin lotutako hezkuntzarik? Ez al da eskolaren funtzioa ikasleak gizartearen beharretara prestatzea? Ez al dugu proba egin behar zer gertatzen den ikusteko? Eta eskola porrotarekin eta ikasle askoren interes ezarekin amaitzeko giltza balitz?

Tradiziozko liburuen eta egungo ordenagailuen arteko aldea nabaria da, izan ere, orain arte ikasleak liburu batetara mugaturik zeuden, baina egun, ordenagailuei esker eta bereziki internet-i esker, ikasleek hainbat informazio iturri eduki ditzakete. Honi esker, osotasun handiagoz landu ditzakete irakasgaiak eta beraz hezkuntza hobea izango dute. Edonork esan dezake, modu honetan ere ikasleek ez dutela interesa erakutsiko, eta agian arrazoi izango dute, baina gogoan izan gauza bat; ume bati oinetakoak erosten dizkiogunean, egunero oinetako horiekin ibiltzen da ilusioa egiten diolako. Geletan antzeko zerbait gertatuko litzateke, izan ere, gauza berria denez, ikasleek interesa erakutsiko lukete, eta ondorioz, hezkuntza osoagoa jaso. Izan ere, gogoan izan behar da gauza batzuk ikasteko material ezin hobea dugula ordenagailuetan, esaterako mendiak, errekak, planetak, estatuak…”Google Earth”-aren bitartez.

Hezkuntza osoagoa jasotzeko, baina, beharrezkoa da egungo hezkuntza metodologia aldatzea ere, hau da, ikasleei askatasun gehiago eman behar zaie. Askatasunak ez du esan nahi ikasleek nahi dutena egin dezaketenik, baizik eta lan bat jarri eta hori modu autonomoan egin dezatela euren ordenagailuekin. Modu honetan, ordenagailuan esperimentatzeaz gain, informazio iturri ugari ukituko dituzte eta denetatik pixka bat hartuaz informazio betea eskuratuko dute. Gogoan izan behar da, egun internet-i esker material didaktiko eta informazio izugarri pila dagoela sarean. Izan ere, modu honetan, eurak bereganatzen dute gelako protagonismo osoa irakasleek beharrean, tamalez orain arte egin den bezala.

Zenbaitek pentsa dezake, metodo honen bitartez irakasleak ez duela funtziorik gela barruan, baina oso oker dago. Izan ere, modu honetan irakasleak inoiz baino paper garrantzitsuagoa du, berak gidatu behar baitu modu ez zuzen batean gelako dinamika, hau da, zein gai landu, ikasleek lan horiek gelan aurkezteko zuzenketak egin…Irakasleak oso paper garrantzitsua du klaseak emateko modu honetan, baina bigarren maila batean kokaturik dago gelako protagonismoa ikasleei emanaz. Horrez gain, irakasleak zenbait gauza azal ditzan, oso lagungarri izan dakizkioke hainbat programa, ikasleei irakasgaiak eramangarriago egiteko eta motibatzeko, esaterako “Scratch” programa matematikak lantzeko, “Mindomo” eskemak egiteko…

Dena den, hainbat pertsonek ondorio negatiboak ikusten dizkiote teknologia berriak ikasgeletan txertatzeari. Batzuen ustez, ikasleek eskuz idazteari utzi egingo diote eta ondorioz gaitasun hori galduko dute. Horrez gain, ordenagailuen aurrean horrenbeste denbora igarotzea begien osasunerako ona ez dela diote eta azkenik, ikasleak teknologia berrietan jarraitzaile bihurtuko direla, egun gazteen ehuneko kopuru txiki bat dagoen moduan. Honen ondorioz, geroz eta gazte gizen gehiago dago, euren denbora librea kirolean igaro beharrean, eurentzat munduan egin den asmakizunik hoberena den ordenagailuaren aurrean igarotzen dutelako.  

Orain arte eskoletan hezkuntza transmititzeko erabili den teknikari, aurkari gogor bat atera zaio. Modu honetan, egun hezkuntza transmititzeko bi aukera nagusi daude; bat tradizionala eta bestea modernoa. Nahiz eta eztabaida ugari sortu bi modu hauetatik hoberena zein den erabakitzeko, egoera honen alde ona ikusi beharra dago. Izan ere, urte askoren ondorioz lortutako esperientziaren poderioz, irakasteko modu berriak asmatu dira, eta hori kontuan izan behar den zerbait da. Gauzak horrela, eskuartean ditugun bi aukera horietako bat aukeratu beharra dago, egiten den hautapenak ikasleen hezkuntzan eragin zuzena izango duelarik.

Seguidores