lunes, 11 de octubre de 2010

1.EKARPENA


Jarraian bideo honen inguruan mintzatuko gara, izan ere, bertan urteen ondorioz hezkuntzan eman den aldaketa sakona oso ondo azaltzen da modu sinple baina eraginkor batean. Horrez gain, bertan agertzen den esaldi batek ere arreta eragin digu: “Oso ona da ume abtek liburua izatea eskuartean, baina mundua edukitzea hobeto da”.


http://www.youtube.com/watch?v=jaAr06NNwbI&feature=player_embedded

           Orain dela milioika urte, Lurra izeneko gure planetan gizakiak bizi ziren. Garai hartan baina, gizakiek ezin zezaketen euren jakin mina ase, ez zuten eta gaitasunik zituzten baliabide eskasak aprobetxatzeko eta erabiltzeko. Urteak aurrera joan ahala baina, gizakia esperientzia hartzen joan da, eta esperientzia hori baliagarria izan zaio bere asetasunak asetzeko eta erronka berriei aurre egiteko, gizakiaren jakin minak ez baitu mugarik.. 

Gauzak horrela, munduak hainbat eta hainbat baliabide jarri zituen gizakiaren eskura, besteak beste,  ura, janaria, eguzkia, zuhaitzak, harriak, petrolioa, ikatza, oxigenoa, haizea, energia organikoa, animaliak…Baliabide horiei esker, gizakiak hainbat eta hainbat aurrerapauso eman zituen bizirauteko eta bizitza kalitatea hobetzeko, baina gizakiak, bereganatutako lorpenak oinarrian harturik, hobekuntza prozesuarekin aurrera jarraitu zuen egun arte.

Prozesu horretan, aurrerapauso harrigarriak eta bikainak eman dira, baina kasu batzuetan ez dira hobekuntza horren ondorio negatiboak kontuan hartu, kaltea konponezina izatera heldu arte: petrolioaren gehiegizko ustiapena eta honek sortutako kutsadura, ezin desagertu daitekeen plastikoa, altzairuak eta papera egiteko erabiltzen den egurraren ondorioz sortutako deforestazioa, energia sortzeko erabiltzen diren energia nuklearrek sortutako kontaminazioa…

Honen ondorioz, hau da, gauza berriek izan ditzaketen eragin negatiboak direla eta, gizakiak mesfidantza erakusten du edozein egoera berriren aurrean. Hezkuntzaren inguruan gauza bera gertatzen dela esan genezake, izan ere, orain arte erabili den modu tradizionalaren amaiera iritsi dela dirudi, honek teknologia berriei ateak ireki dizkielarik.

Tradizionalki, ikasleak gelara sartu eta irakasle baten azalpenak entzun behar izaten zituzten, eurak mahai gainean liburua zuten bitartean. Ondoren, irakasgaia gainditzeko liburua buruz ikasi behar izaten zen irakasgaia menperatzen zenuela erakusteko. Eredu honen bitartez, eskola porrota ugari izaten zen, izan ere, irakasgaia lantzeko moduak ikasleek izan zitzaketen interes guztiak apurtzen zituen.

Urteak beranduago, klaseak emateko modua apur bat aldatu zen, izan ere, ikasleek protagonismo handiagoa eskuratu zuten irakasgaietan. Dena den, irakasgaia lantzeko erabiltzen zen sistema oso antzekoa zen aurrekoarekin alderatuz gero, izan ere, irakasleak liburuan jartzen zuena azaltzen zuen eta ondoren, ikasleek hori ikasi beharra izaten zuten azterketa gainditzeko. Horrez gain, hizkuntzek ere garrantzi handia hartu zuten eta batez ere Ingelera sakonki ikasten zen. Modu honetan ere, eskola porrota nabaria zen. Hauxe da, batez ere, azken urteetan erabili den modua.

Egun proposatzen den hezkuntza modua berriz, teknologian oinarriturik dago, zehatzago esanda ordenagailuetan. Kontuan izan behar da, egungo gazteria eta gizartea teknologia berrietan oso abila dela eta berarekiko interes handia erakusten duela. Gauzak horrela, zergatik ez erabili teknologia berriak ikasgeletan? Etorkizuna teknologiari loturik baldin badago, zer dela eta ez diegu eskaini behar ikasleei teknologiarekin lotutako hezkuntzarik? Ez al da eskolaren funtzioa ikasleak gizartearen beharretara prestatzea? Ez al dugu proba egin behar zer gertatzen den ikusteko? Eta eskola porrotarekin eta ikasle askoren interes ezarekin amaitzeko giltza balitz?

Tradiziozko liburuen eta egungo ordenagailuen arteko aldea nabaria da, izan ere, orain arte ikasleak liburu batetara mugaturik zeuden, baina egun, ordenagailuei esker eta bereziki internet-i esker, ikasleek hainbat informazio iturri eduki ditzakete. Honi esker, osotasun handiagoz landu ditzakete irakasgaiak eta beraz hezkuntza hobea izango dute. Edonork esan dezake, modu honetan ere ikasleek ez dutela interesa erakutsiko, eta agian arrazoi izango dute, baina gogoan izan gauza bat; ume bati oinetakoak erosten dizkiogunean, egunero oinetako horiekin ibiltzen da ilusioa egiten diolako. Geletan antzeko zerbait gertatuko litzateke, izan ere, gauza berria denez, ikasleek interesa erakutsiko lukete, eta ondorioz, hezkuntza osoagoa jaso. Izan ere, gogoan izan behar da gauza batzuk ikasteko material ezin hobea dugula ordenagailuetan, esaterako mendiak, errekak, planetak, estatuak…”Google Earth”-aren bitartez.

Hezkuntza osoagoa jasotzeko, baina, beharrezkoa da egungo hezkuntza metodologia aldatzea ere, hau da, ikasleei askatasun gehiago eman behar zaie. Askatasunak ez du esan nahi ikasleek nahi dutena egin dezaketenik, baizik eta lan bat jarri eta hori modu autonomoan egin dezatela euren ordenagailuekin. Modu honetan, ordenagailuan esperimentatzeaz gain, informazio iturri ugari ukituko dituzte eta denetatik pixka bat hartuaz informazio betea eskuratuko dute. Gogoan izan behar da, egun internet-i esker material didaktiko eta informazio izugarri pila dagoela sarean. Izan ere, modu honetan, eurak bereganatzen dute gelako protagonismo osoa irakasleek beharrean, tamalez orain arte egin den bezala.

Zenbaitek pentsa dezake, metodo honen bitartez irakasleak ez duela funtziorik gela barruan, baina oso oker dago. Izan ere, modu honetan irakasleak inoiz baino paper garrantzitsuagoa du, berak gidatu behar baitu modu ez zuzen batean gelako dinamika, hau da, zein gai landu, ikasleek lan horiek gelan aurkezteko zuzenketak egin…Irakasleak oso paper garrantzitsua du klaseak emateko modu honetan, baina bigarren maila batean kokaturik dago gelako protagonismoa ikasleei emanaz. Horrez gain, irakasleak zenbait gauza azal ditzan, oso lagungarri izan dakizkioke hainbat programa, ikasleei irakasgaiak eramangarriago egiteko eta motibatzeko, esaterako “Scratch” programa matematikak lantzeko, “Mindomo” eskemak egiteko…

Dena den, hainbat pertsonek ondorio negatiboak ikusten dizkiote teknologia berriak ikasgeletan txertatzeari. Batzuen ustez, ikasleek eskuz idazteari utzi egingo diote eta ondorioz gaitasun hori galduko dute. Horrez gain, ordenagailuen aurrean horrenbeste denbora igarotzea begien osasunerako ona ez dela diote eta azkenik, ikasleak teknologia berrietan jarraitzaile bihurtuko direla, egun gazteen ehuneko kopuru txiki bat dagoen moduan. Honen ondorioz, geroz eta gazte gizen gehiago dago, euren denbora librea kirolean igaro beharrean, eurentzat munduan egin den asmakizunik hoberena den ordenagailuaren aurrean igarotzen dutelako.  

Orain arte eskoletan hezkuntza transmititzeko erabili den teknikari, aurkari gogor bat atera zaio. Modu honetan, egun hezkuntza transmititzeko bi aukera nagusi daude; bat tradizionala eta bestea modernoa. Nahiz eta eztabaida ugari sortu bi modu hauetatik hoberena zein den erabakitzeko, egoera honen alde ona ikusi beharra dago. Izan ere, urte askoren ondorioz lortutako esperientziaren poderioz, irakasteko modu berriak asmatu dira, eta hori kontuan izan behar den zerbait da. Gauzak horrela, eskuartean ditugun bi aukera horietako bat aukeratu beharra dago, egiten den hautapenak ikasleen hezkuntzan eragin zuzena izango duelarik.

1 comentario:

  1. Zorionak egindako ekarpenagatik !!! Mesedez etiketetan zuen izen abizenak jarri koma batez bananduta. Fulanito, Menganito ;-)

    ResponderEliminar

Seguidores