martes, 12 de octubre de 2010

2.EKARPENA

Teknologiak pertsonei eginiko kaltea

Teknologiak onurak dituela entzun ohi dugu beti, baina zenbait kasutan arazoak ere sortzen ditu, pertsona batzuk teknologiarekiko atxikimendua izatera heltzen direlarik. Hori dela eta, gutxitan entzuten den kasu hauen berri emateko, artikulu hau aukeratu dugu, jarraian gure iritzia emanaz:


Orain arte, teknologian inbertsio handiak egin dira, etorkizunean tresna guztiak teknologikoak izango direnaren ustea dela eta. Egia esan, egun ideia hori nabarmentzen da, baina oraindik etorkizuna igartzeko gaitasunik edo modurik ez dugunez, nekez jakin dezakegu etorkizuneko berririk. Dena den, egunak egun teknologia bitarteko garrantzitsu eta beharrezkoa bihurtu da gure eguneroko bizitzan, gizakiaren bizitza zentzu askotan erraztu duelarik eta honen erosotasuna hobetu duelarik.

            Hala eta guztiz ere, teknologiaren erabilera okerrak gizakiarengan eragin oso negatiboak izan ditzake. Askotan, komunikabide eta beste hainbat iturrik, teknologiaren alde onak bakarrik argitaratzen zituzten, baina gaur egun, teknologiak dituen alde negatiboen berri ere ematen da jakitera, izan ere, bizi garen gizartearen arazoetako bat bihurtu da.

            Gauza guztiak bezala, zentzuz eta neurriz erabili behar da teknologia, ala erabili ezean teknologiarekiko dependentzia sortzen baita, hau da, gizakiak bizitzeko elikadura eta ura behar duen bezala, teknologia ere beharrezko zaku horretan sartzen du. Gauzak horrela, beraz, teknologia tentu handiz erabili behar den instrumentua da, izan ere, azken urteetan, teknologiarik gabe bizi ezin duten pertsonak agertu dira, honek, euren jokabidean eragiten dielarik eta arazoaren funtsa non dagoen ez dakitelarik.

            Beti edo ia beti, familia izan ohi da pertsona horren arazoaz jabetzen dena, baina askotan ez dakite non dagoen arazo horren jatorria. Izan ere, artikuluan dioen bezala, pertsonen jokabidean eragiten du zuzenean, gelatik atera nahi ez izatea, familiarekin tratu gutxi nahi izatea, antsietatea, eskola porrota eta zenbait kasutan indarkeria erabiltzea. Hauek izan ohi dira nagusiki arazo hau duten pertsonen sintoma nagusiak, baina gizartearentzat arazo ez direnez, hau da, deliturik egiten ez dutenez eta gizartearentzat arazo izan litezkeen jokabide txarrik egiten ez dutenez, ez da alarma sozialik sortzen.

            Arazo hau duten gehienak edo denak gazteak direnez, zer pentsatu ugari ematen du familiaren inguruan. Izan ere, familiak ez al dira ohartzen euren seme-alabek denbora ugari ematen dutela teknologiekin? Zer dela eta ez die mugarik jartzen gehiegikeriak kaltegarriak direla jakinda? Ez die axola euren seme-alaben hezkuntzak ala? Edota erosoa da teknologiak umezain lanak egitea gurasoak beste zerbait egiten duten bitartean?

            Argi dago errua inplikaturik dauden pertsona guztiena dela, izan ere, mundu honetan norberak jakin behar du non dauden mugak eta muga hori igaroz gero zer gertatzen den. Hala ere, batzuetan edo askotan norbera ez da jabetzen mugatik gertu dagoela, eta hor familiaren laguntza funtsezkoa da pertsona horri oinak lurrean jartzeko.

            Tamalez, batzuetan berandu izaten da eta laguntza profesionala beharrezkoa izan ohi da. Azken urteetan agertu diren kasuen ondorioz, teknologiaren gehiegizko erabilera duten pertsonak sendatzeko programak sortu dira. Horien artean “Proyecto Hombre” izeneko zentroak daude eta bertan arazo bera duten pertsonekin, era kolektiboan arazoari amaiera ematen diote profesionalen laguntzarekin.

            Mota honetako zentroetara etortzen diren pertsonen %5ak bakarrik onartzen du arazo bat duela. Gauzak horrela, asko eta asko ez dira kontziente duten arazoaz, dena kontrolpean dutela uste dute, baina ez da horrela. Ez dute ulertzen edota ulertu nahi teknologiak eragin egiten diela, berau gabe ezin bizi izatera iritsi arte.

Gauzak horrela, teknologiak zenbait arazo sortu ditu gazteengan. Hau dela eta, hainbat kanpaina egin dira estatuan, gazteei eta hauen gurasoei zuzenduak, kontzientzia daitezen teknologia ona dela baina neurriz erabili behar dela, hau da, erabilera egokia egin behar dela.

Esperientzia pertsonalean oinarrituz, aitortu beharra dut ez naizela teknologiarekin gehiegikeriak egiten dituen horietakoa. Dena den, nire lagun eta gelakideen artean ni baino “teknologizatuagoak” daudela ohartu naiz, denbora oro mugikorra eskuartean dutela loteria tokatu zaien berria noiz iritsiko zain edo. Horrez gain, bada beste adibide garbi bat teknologiak eta batez ere internet-ek gazteengan izan duen eraginaz jabetzeko.

Unibertsitatean, liburutegietan eta ordenagailu publikoak dauden tokietan, hainbat gazte ordenagailuan nabigatzen ibiltzen dira. Zu zeu ordenagailuak dauden azken ilaran eseri eta has zaitez kontatzen ea zenbat pertsona dauden sare sozialetan. Gainera, pertsona asko eta asko, soilik sare sozialetan ibiltzeko etortzen dira, hau da, pertsona batzuk ordenagailu gelara sartu eta 15 minuturen buruan irten egiten dira euren beharra eginda. Honek argi erakusten du, dependentzia dutela ordenagailuekiko, denbora libreko minutu gutxi horietan teknologia honetan pentsatzen dutelarik.

Ziur aski, aipatu dudan egoera hau ez da lehenago aipatu dugun puntu larrira iristen, baina puntu horretara iristeko dagoen bidean lehen pausua emana dutela uste dut. Izan ere, denbora pasa izan beharko litzatekeena, behar bat bilakatu da, bizitzan ditugun beste edozein behar garrantzitsuak bezalaxe. Honen ondorioz, behar garrantzitsuagoak direnak alde batean geratzen dira.

Teknologia inoiz egin den asmakizunik hoberena izango da ziur, baina asmakizunik hoberena izaten jarrai dezan, ez dezagun galdu horrenbeste maite dugun hori gehiegi maitatzeagatik, gehiegikeriak ez baitira gizakiarentzat eginak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Seguidores